2005-11-23

Bazterketa soziala

Askatasuna, elkarkidetza, berdintasuna... eta antzeko balioak goraipatzen dituen gizarte honek baditu bere alde ilunak: pobrezia eta bazterketa soziala. Teknologia berriak egoera horiei aurre egiteko aukerak ematen dituzten neurrian, askorentzat teknologia berrien sarbide basatiak bazterketa soziala aregaotuko du. Hauen ustez, indarrean dagoen eredu ekonomikoak malgutasun handia eskatzen dio gizabanakoari etengabe ari den gizarte eskabideetara egoki moldatu nahi bada. Oinarrizko prestakuntza teknologikoa ez duen gizabanakoak -zein gutxiengo taldeak- arazo handiak izan ditzeke gizartean parte hartzeko besteen maila berberean. Hezitzaileen eskuetan gelditzen da, horregatik, tresna horien irakaspenari esker lor daitekeena: parametro ekonomikoetarako egokitzeko tresna soila izatea, ala berdintasun sozialerako tresna bihurtzea. Ikuspuntu honetatik begiratu oso interesgarria iruditu zait Francisca Munuera Giner-ek PIXEL-BITeko 2005eko uztailako 26. zenbakiko NUEVAS TECNOLOGÍAS Y EXCLUSIÓN: HAY VIDA MÁS ALLA DE INTERNET izeneko artikuluan egiten duen gogoeta.

2005-11-18

Alfabetakuntza digitala eskolan


Azken eguneko klasean Joan Ferrés-en Televisión y educación (1994, 1995) liburutik hartutako pasarte batek eztabaida polita sortu zuen eskolaren zereginaz teknologia berrien aurrean. Pasarteak eskolari leporatzen dio haurren gizarteratze prozesuan telebistari eman zaion protagonismoa, eta, aldi berean, ikus-entzungaileun gaineko alfabetakuntzari ez zaiola aurre egin, eskolatik bertatik: “Egun, telebista da kulturak barneratzeko, pertsonak gizarteratzeko, kontzientziak eratzeko, ideologiak nahiz baloreak zabaltzeko, eta, kolonizatzeko tresna nagusia. Harriagarria da horregatik, eskolak izan duen jokaera: alde batetik, hezkuntzan zuen nagusitasuna irudizko hedabideen esku utzi duelako, eta, bestetik, ez duelako ezer egin ikusentzunezko kulturaren barneraketari eusteko. Ez die, horrela, belanauldi berriei gizartea kritikoki aztertzeko tresnarik eman” (16. or). Alfonso Gutierrez irakaslearentzat arazo honen aurrean argitu beharko duguna da alfabetakuntza digitalaren kontzeptua bera. Pere Marquès Graells irakasleak ere gai honi heldu dio eta IKT arloan ikasleek etorkizunean jakin beharrekoa 39 konpetentziatan bildu du, gai horretaz hainbat adituen ekarpenak kontuan harturik. Orain, zurea da burua, zurea hitza!

2005-11-17

Curriculum propioa ingurune hurbiletik aberasten


Bilboko Magisterio Eskolako Iñaki Gaminde eta Begoña Bilbao irakasleek joan zen ostiralean Lezaman aurkeztu zituzten “Lezama Gure Herria Gida didaktikoa” eta “Lezama gure herria CD-ROM-a” izeneko eskola materialak. Ekimen hau Zorrizketan Lezamako Euskara Alkarteak bultzatua izan du eta Lezamako Udala, Labayru Ikastegia, Bizkaiko Aldundia eta Mendebalde Kultur Alkartea izan ditu bidelagun.

Lezama herriko toponimia lantzeko materialak izanik, CD batean aurkezten da Lehen Hezkuntzako 6 urtetik 12ra bitarteko eskolako haurrek garatzeko zenbait ekintza. Edukia antolatzeko orduan, hots, herriko etxeak, baserriak, auzoak, basoak, iturriak, mendi tontorrak... izendatzerakoan, Bidart eta Etxebarria lezamatarren Lezamako Toponimia lanean oinarritu dira CD-aren egileak. Horrela, hortik abiatuta, Gaminde eta Bilbao ahalegindu dira Ingurunearen ezaguera eskola arloak biltzen dituen ingurune hurbileko ezagutzak ikasleen eskura jartzen, baina, ez edonola, haurren herriko euskararen ahozko adierazpenarekin bat eginik baizik.
Eskola erabilera errazteko haurrentzako jarduerak HTML eta KLIK programak erabiliz aurkezten dira. Horrela, CD-an agertzen dena -testuak, irudiak (argazkiak, marrazkiak, bideoak, mapak eta planoak ) zein audio seinaleak (soinuzkoak eta bideozkoak)- modu errazean aurkezten zaio erabiltzaileari, haurrari zein irakasleari.
CD-a erabiltzeko urrats teknikoak irakasleei eskaini egiten zaizkie Gida didaktiko izeneko liburuxkan. Bertan ere, beronen eskola erabilerari buruzko zenbait oinarri pedagogiko agertuz gain, haurrek burutu behar dituzten CD-ko edukiak zehazten dira.
Egileek gida didaktikoaren sarreran azaltzen dutenez materiala hau burutzean honako bi helburu izan dituzte irizpide:
Batetik, hizkuntza ereduen arteko diglosia irazia gainditzea: Bertako euskara (ahoz esandakoa entzuten dena), eredu literario (izenen forma normalizatua) eta euskara batua (CD-an agertzen diren azalpen-testuetakoa) erlazio dinamikoan aurkeztea, ahozkoari eta idatzikoari garrantzi berdina ematen.
Bestetik, eskola curriculum propioa gauzatzeko teknologia berriek ekarri dizkiguten ekarpenak erabiltzea.

Toponimaren normalizaioarako eta memorio historikoaren sustapenerako herri ondasun hauek biltzeak duen meritua baztertu gabe, guri bereziki interesatzen zaigu euskal irakaskuntzaren ikuspegitik materiala hauen izaera didaktikoa. Bereziki azpimarratzen dugu material hauek tokian tokiko eskola curriculum propioa gauzatzeko ezinbesteko baliabideak direla. Horrexegatik, zorionak ekimen honetan parte hartu duten guztiei!

2005-11-16

Blogosferari buruzko gogoetarako


Telefonikak argitaratzen duen TELOS, Cuadernos de tecnología, comunicación y sociedad aldizkariko, 65. zenbakian, 2005eko urria-abenduko alean, erdiko atalean, bitakoragintzari trataera monografikoa eskaintzen zaio. Zenbait artikulu agertzen dira blogosferari buruz. Horietatik, irakaskuntzarekin eta gizarte-hezitzailearekin duten loturagatik, nik bereziki gomendatzen dizuet honako biak irakurtzea: 1) Blogs para educar. Usos de los blogs en una pedagogía constructivista, Tíscar Lara-k idatzia, eta, 2) El papel de los blogs en la acción social. Blogs en ONG, una oportunidad poco conocida , Olga Berrios-ek idatzia.
Zigur aski, artikuluak irakurri ondoren gauzak ez dituzu berdin ikusiko!

2005-11-15

Bitakorak hezkuntzan eta irakaskuntzan


Bitakorak sarean albisteak eta berriak komentatzeko tresna ahaltsu bihurtzen ari dira etengabe. Interenetek eskaintzen dituen zerbitzuen artean kolaboratiboena, agian, nire iritziz. Elkarrekintza ikaskuntzan bultzatzen duen hezkuntza joeraren ikuspuntutik begiratuta etorkizun laburrean tresna honek zer esanik izango du. Gure aurretik, EHUko Leioako Kazetaritzako Gorka Palazios katedradunak -euskal bitakoragintzaren aintzindaritzan ibilia- idatzia du tresna honen irakaskuntza-balioaz. Bere ustez, bitakorak irakaskuntzan erabiliz gero honako sei ekintza sustatzen dira: idatzi, gogoeta egin, kritikatu, elkarri eragin, antolatu, galdetu. Arrazoi horrexegatik, bereziki gomendatzen dizuet berak idatzitako “Bitakoren onurak irakaskuntzan eta” artikulua irakurtzea, ekintza horietaz esaten duenaz mantsoago hausnartu dezazuen! Gai honetaz eta euskal bitakoragintzan sakontzeko hona hemen beste bi artikulu: batetik, berea den “Edublogak, irakaskuntzako erreminta aurreratuak”, eta, bestetik, “Blogen buztan luzea eta harpidetza motza” Luis Fernandezena.

2005-11-14

Hik Hasi euskal heziketarako aldizkaria sarean


Eleaniztasuna arriskuan teknologia berriekin izeneko artikuluan irakurri dugu, gaur egun munduan egiten diren 6.000 hizkuntzetatik erdiak desager daitezkeela XXI. mendea bukatzerako, besteak beste Interneten eraginez zeren eta Unescok dioenaren arabera teknologia berriek azkartu egiten dute munduko hizkuntzak desagertarazteko abian den bilakabidea. Artituluak dakarrenez sareko orrialdeen hiru laurdena ingelesez idatzita dago -ingelesaren nagusitasun nabarmen hori erdiraino jeitsi den-, baina “ingelesaren nagusitasuna pixkanaka jeisten joan arren, jeitsiera horren abantailak hizkuntza gutxi batzuen artean besterik ez dira banatzen. Ingelesaren atzetik datozen beste irakas-hizkuntzak direla, alegia, ingelesaren beherakadaz baliatzen direnak, baina ez horrenbeste hizkuntza txikiagoak”.
Egoera latz hori ezagutzen dugu. Hala ere, kontatzen dugu sarean euskararen erabilera etengabe sustatzen ari dela euskal hiztunen aldetik. Zentzu horretan ulertuta, txalotzekoa da Hik Hasi hezkuntza aldizkariak bere zenbaki guztiak sarean eskuragarri jartzeko egin duen ahalegina. Bere weborrian eskaintza ugari egon arren, bereziki aipatu nahi genuke artikuluen bilatzailea. Honek, testu libreko bilaketaren bidez zein eremu bidezko bilaketaren bidez erabilia artikulu jakin bat bilatuz gero aldamenean zerrendatzen dizkigu berarekin erlazionaturik dauden gainerako guztiak.

2005-11-12

Arrail digitala herrien arteko haustura


Aste honen zehar ospatu da Bilboko Euskalduna Jauregian “Arrail digitalaren aurkako Munduko Goi-bilera”. Ehun bat herrialdetako hiri eta eskualdeetako 2.000tik gora delegatuek parte hartzeko ziren Informazioaren Gizarteari buruzko Hiri eta Agintari Lokalen Munduko II. Goi-bilerako jardunaldi horietan, pobrezia murrizteko Internet erabiliko duen ekintza plan bat definitzeko.
NBE (Nazio Batuen Erakundea) eta Eusko Jaurlaritza izan dira egitasmo honen sustatzaile nagusiak. Teknologia berriak erabiltzeko aukera eskubide unibertsala izanik inork ezin du bazterturik geratu, eta horregatik, hauen ustez, ahalegina egin behar da teknologia berriek dakartzaten aukera kultural eta ekonomikoak pertsona orori zabaltzeko. Hala ere, errealitateak islatzen digun haustura digitalaren gordintasuna kontuan hartzekoa da: egun, Interneteko erabiltzaileen %80 herrialde garatuetan bizi da eta munduko gunerik behartsuenetan sarearekin konekzioa lortzeko aukera amets hutsa da. Begi bistakoa da herrien arteko eten digitala Francis Pisani-ren “Las cifras de una vertiginosa vida digital” artikuluak erakusten dituen datuen arabera.

Elkartasun digitala nazioarte osoan bultzatzeko beharra dagoela gaineratu da jardunaldietan. Erakunde lokalak haustura digitalaren kontrako ezinbesteko dinamizatzaileak direla mahaigaineratu da -hiri eta eskualdeetako ordezkariak lekuan bertan lan egiten dutenez hurbiletik ezagutzen dituzte hiritarren premiak-.

Jardunaldi horietako Kultura eta Nortasunari buruzko tailerrean teknologia berriek herri eta hizkuntza gutxituetan duten eraginaz mintzatu zen. Harrigarria zaigu, horrexegatik, 2005-11-11ko Berria egunkariko "Teknologia berriak eta herri eta hizkuntza gutxituak" artikuluak tailer horretaz zekarrena: “teknologia berriek herri eta hizkuntza gutxituak suspertu bezala, desagerraraz ditzaketela azaldu zuten, eta gakoa informazioaren gizartean txokoa aurkitzean dagoela. Euskarak, ordea, ez du txokorik izan Bilboko jardunaldi horietan, tailerrean egindako mintzaldiak erdaraz izan baitira, eta euskarazko itzulpenik ez baitute eskaini”. Honek gogora dakarkit Jose Ramon Etxebarria fisika irakasleak “Euskaldunok nazioarteko ekitaldian” izenburuaz idatzi zuena: “Einsteinen omenezko hitzaldi gehienetan egon naiz, eta etxean sentitu naiz, zinez errespetatua euskal hiztuna naizen aldetik”.

2005-11-11

Bitakoragileen dekalogoa


Blogariek edo bitakoragileek kontuan izan beharko luketen dekalogoa honako hamar aginduek biltzen dute:

1. Idatzi argi eta garbi, berriaren muinera joz eta ukitu pertsonala emanez.
2. Izenburua idatzitako testuaren erreferentzia da.
3. Testua hiperloturekin aberastu -norberak lehenago argitaraturikoekin ala sarean gai horretaz aurkitutakoekin-.
4. Idazten duzuna arrazoitu, zerk bultzatzen zaituen idaztera agertuz.
5. Erabiltzen dituzuen iturrien erreferentzia zehatzak idatzi.
6. Gramatika eta ortografia akatsak zuzendu, inork ez dezala pentsa, horrexegatik, zure pentsamendua arina dela edozein modutan eraikia.
7. Idaztea ez da lan erreza. Idazten duzunak zure nortasuna agerian uzten du. Hartu patxadaz -nahi baduzu lehenago idatzi paperean edo word batean eta geroxeago argitara eman gustukoa baduzu-.
8. Galderak planteatu. Idatzi kuriositatea piztu edo harridura sortu zaizun zerbaiten inguruan. Ez ahaztu besteen iritziek zurea aberasten dutela.
9. Argazkiz edo marrazkiz hornitu idazten duzuna irudia idazten dunaren iradokizun bihurtuz.
10. Irakurlerik onena norbera da. Ez idatzi zuk irakurriko ez zenukeena.

2005-11-10

Eten digitala dela eta


Egun hauetan gizarte komunikabideetan behin eta berriro entzun dut munduan dagoen eten digitalaz dagoen kezka. Honek gogara ekarri dit 2005-10-01eko Berria egunkariak “Gaiak” izeneko atalean Hirugarren munduko haur orori ordenagailu eramangarria emateko egitasmoak, aurrera izenburuaz zekarren honako informazioa: "Brasil, Txina, Egipto, Thailandia eta Hegoafrikako haurrak izango dira lehenak. Hala iragarri du Nicholas Negroponte Massachusettsko Teknologia Institutuko adituak. Negroponte 85 euro baino gutxiago kostatuko duten ordenagailu eramangarriak diseinatzen ari da . Helburua hau da: aberatsen eta pobreen arteko eten digitala murrizteko, haurrei ordenagailu bana ematea. Diseinatzen ari diren makinak gomazko estaldura izango du, haurren eskuetan iraun dezan. Linux sistema eragilearekin funtzionatuko du. Ez du disko gogorrik izango, baina memoria txartelak erabili ahalko dira.
Herrialde askotan argindarra bermatuta ez dagoenez, ordenagailuak biradera bat izango du, bateriak betetzeko. Interneten telefono kablerik gabe sartzeko ahalmena izango dute. Datorren urtearen amaierarako edo 2007. urtearen hasierarako hasiko dira ordenagailuok zabaltzen. Urtero 100-150 milioi gailu egitea espero dute. Ordenagailua ezingo da, ordea, merkatuan erosi. Soilik hezkuntza agintariek eskatu ahalko dituzte, eta fabrikazio kostuan emango zaizkie".

Negropontearen egitasmo honetaz gehiago sakondu nahi baduzu jo dezakezu 2005-09-30ean El Pais egunkariak zekarren informazioara.

Dena den, zuri Gizarte Hezitzaileko adarreko ikaslea zaren horri bereziki komendatzen diot La brecha digital kontsultatzea eta gai honetaz gehiago sakondu nahi duenari Arturo Serrano Santoyo & Evelio Martinez Martinez idazleek idatzi duten “La brecha digital: mitos y realidades” izeneko liburua irakurtzea (laburpena pdf formatuan sarean aurkitu dezakezuna)

Begirada kritikoa hezkuntzan



Begiradak izeneko webloga sortzerakoan honako irizpide izan ditugu kontuan: batetik, teknologia berrien izaera egungo gizartean; bigarrenetik, Euskal Herriko irakaskuntza ulertzeko curriculumaren joera soziokritikoa, eta azkenik, inguruneaz egiten den edozein azterketa baldintzatzen duen ikuspegi sozial, kultural eta estrukturala ez neutrala. Perspektiba soziokritiko horretatik abiaturik, bada, Begiradak bloga dugu hezkuntzari aplikaturiko telnologia berriak begirada kritikotik aztertu ahal izateko.

2005-11-09

Informazioa sarean aurkitzeko bideak


Informazioaren gizarteaz gehien sakondu duen Manuel Castell soziologoak esaten duenez gaur egungo gizartea ez dago banaturik klasetan zentzu klasikoan ulertua, hots, langileak eta burgesak; oraingoa bestelakoa da:

Mundua klasetan banaturik dago: desinformatuak, hauek irudiak baino ez
dituzte; gaininformatuak —planetaren jende gehiena— zurrunbiloan bizi
direnak eta, informatuak, informazioa hautatu, sailkatu eta ordain
dezakeetenak.

Horregatik, gaur inoiz baino beharrezkoa da informazio hori sarean non dagoen jakitea, eskuratzen trebatzea eta gordetzeko prozesurak ezagutzea. Modu asko daude, baina gure iritsiz honako hauek dira erosoenak: Google, eta honek dituen gainontzeko Scholar Google eta Print Google.

Baliabide teknologikoen izaera didaktiko eta ideologikoa


Baliabide teknologikoen izaera didaktiko eta ideologikoa
Teknologia berrien euskarrietan oinarrituriko eskola baliabideak tresnak izatetik gain kode berezituaz baliatzen diren tresnak dira. Tresna didaktiko eta ideologikoak dira, eta haien erabilerak egungo eskoletako benetako curriculuma baldintzatuko du. Eskoletako bizitza -non teknologia berriak tresna bereziak diren- baldintzatuta dago gizarte eragile (familia, eskola eta giza-talde) desberdinen jarrera aktiboagatik, eta horregatik, ikastetxea testuinguru eta kanpoko erakuntzazko indarren menpekoa da, haien eragina jasotzen duelarik; eta, aldi berean, ikastetxeak berak testuinguru horretan eragiten du. Onartzen badugu eskolaren zeregina konplexua dela ezin da ulertu ikasleen garapenerako sortutako erakunde neutroa denik eta gizartetik zein gizabanakoengandik at dagoenik. Hezkuntzaren Soziologia kritikoak berak erakusten duenez, ikuspegi sozial, kultural eta estrukturaletik abiatu behar da eskolaz eta bere elementuetaz egiten den edozein begirada kritikorik.

Ikaslearen protagonismoa irakaskuntzan



Ez da ahaztu behar hezkuntzaren ikuspuntutik ikasleak izan behar duen protagonismoa. Berdin zure moduko heldua bada zein haurra den kasuetan ikasleak entzunez soilik ez du ikasiko.
Ekinez bidea egiten dela aspaldiko kontua da Lao-Tse pentsalariaren honako aipuak dakarrenez:

Berba egiten badidazu entzungo dizut
erakusten badidazu ikusiko dut
saiatzen utz nazazu eta ikasiko dut

2005-11-08

Begiradak zer diren


Gure inguruan gauza asko daude. Horietako batzuetaz baino ez gara ohartzen, baina begiratzen duguna da benetako izaera duena. Begiratzen duguna garrantzitsua da gure begiradaz ikusten dugulako eta gure begiradak erabateko izaera ematen diolako. "Begiradak" izeneko bitakora honen bidez, hain zuzen, gure begiradak hezkuntzari aplikaturiko teknologia berriei emango dien izaera ezagutzeko parada izango dugu, elkarkidetzan eraikitako idazkien bidez.

2005-11-02




Begiradak
Hona hemen nire ikasleek elkarkidetzarako izango duten tresna berri bat. Weblog honen bidez sarean eman eta zabalduko ditugu gure esperientziak, kezkaz, iradokizunak eta bizipenak hezkuntzari aplikaturiko teknologiaren inguruan.