2005-11-17

Curriculum propioa ingurune hurbiletik aberasten


Bilboko Magisterio Eskolako Iñaki Gaminde eta Begoña Bilbao irakasleek joan zen ostiralean Lezaman aurkeztu zituzten “Lezama Gure Herria Gida didaktikoa” eta “Lezama gure herria CD-ROM-a” izeneko eskola materialak. Ekimen hau Zorrizketan Lezamako Euskara Alkarteak bultzatua izan du eta Lezamako Udala, Labayru Ikastegia, Bizkaiko Aldundia eta Mendebalde Kultur Alkartea izan ditu bidelagun.

Lezama herriko toponimia lantzeko materialak izanik, CD batean aurkezten da Lehen Hezkuntzako 6 urtetik 12ra bitarteko eskolako haurrek garatzeko zenbait ekintza. Edukia antolatzeko orduan, hots, herriko etxeak, baserriak, auzoak, basoak, iturriak, mendi tontorrak... izendatzerakoan, Bidart eta Etxebarria lezamatarren Lezamako Toponimia lanean oinarritu dira CD-aren egileak. Horrela, hortik abiatuta, Gaminde eta Bilbao ahalegindu dira Ingurunearen ezaguera eskola arloak biltzen dituen ingurune hurbileko ezagutzak ikasleen eskura jartzen, baina, ez edonola, haurren herriko euskararen ahozko adierazpenarekin bat eginik baizik.
Eskola erabilera errazteko haurrentzako jarduerak HTML eta KLIK programak erabiliz aurkezten dira. Horrela, CD-an agertzen dena -testuak, irudiak (argazkiak, marrazkiak, bideoak, mapak eta planoak ) zein audio seinaleak (soinuzkoak eta bideozkoak)- modu errazean aurkezten zaio erabiltzaileari, haurrari zein irakasleari.
CD-a erabiltzeko urrats teknikoak irakasleei eskaini egiten zaizkie Gida didaktiko izeneko liburuxkan. Bertan ere, beronen eskola erabilerari buruzko zenbait oinarri pedagogiko agertuz gain, haurrek burutu behar dituzten CD-ko edukiak zehazten dira.
Egileek gida didaktikoaren sarreran azaltzen dutenez materiala hau burutzean honako bi helburu izan dituzte irizpide:
Batetik, hizkuntza ereduen arteko diglosia irazia gainditzea: Bertako euskara (ahoz esandakoa entzuten dena), eredu literario (izenen forma normalizatua) eta euskara batua (CD-an agertzen diren azalpen-testuetakoa) erlazio dinamikoan aurkeztea, ahozkoari eta idatzikoari garrantzi berdina ematen.
Bestetik, eskola curriculum propioa gauzatzeko teknologia berriek ekarri dizkiguten ekarpenak erabiltzea.

Toponimaren normalizaioarako eta memorio historikoaren sustapenerako herri ondasun hauek biltzeak duen meritua baztertu gabe, guri bereziki interesatzen zaigu euskal irakaskuntzaren ikuspegitik materiala hauen izaera didaktikoa. Bereziki azpimarratzen dugu material hauek tokian tokiko eskola curriculum propioa gauzatzeko ezinbesteko baliabideak direla. Horrexegatik, zorionak ekimen honetan parte hartu duten guztiei!

7 iruzkin :

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Zorrizketan,Lezamako Euskara Elkarteak, Lezama herriko Cd-Rom berria argitaratu du. Euskara Elkarte desberdinetan (Elgoibarko Izarra, Txatxilipurdi, Topagunea:Euskara Elkarteen Federazioa)lan egina naiz eta teknologia berrien gaia lantzeko daukagun arloa dela uste dut.
Euskara guztiz normalizatu gabe dagoen hizkuntza izanik, bazterketa egoera baten dagoen hizkuntza da. Urte askoan zehar uste izan da euskara irakatsi-ikasita hizkuntza normalizazio egoera bat lortuko zela, baina euskararen kale erabileraren azterketak ez dute emaitz onik ematen.
Euskara Elkarteak hizkuntzaren egoera ikusita, hiru helburu nagusiren inguruan zehazten dira:

- Euskal hiztunok behar ditugun zerbitzuak antolatzea.
- Erabilerari tokia egitea ahalbidetzea.
- Euskal hiztunon gune izatea.

Lan handia egin dute eta egiten dabiltza, bai tokian tokiko euskara elkarteak eta baita nazio mailan lan egiten duen federazioak ere (Topagunea).
Euskara Elkarteetan argi dago euskara ez dela akademikoa bakarrik. Euskara egunerokoa izan behar da, gosaltzeko, komunera joateko,lan egiteko edo interneten nabigatzeko hizkuntza izan behar du euskarak.
Teknologia berrien inguruan lan handia egin da Euskara Elkarteetan baina oraindik ere baliabide asko sortzea eta sustatzea derrigorrezkoa da. Tekonologia berrien trenera igo beharra daukagula esaten da. Baina ezin dugu hanka bakarra igo, guztiz murgildu behar gara mundu honetan, aurrekoak inoiz ahaztu gabe noski.
Aiora Azagirre

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Ekimen bikaina iruditzen zait eta espero dut, horrelako programa didaktiko gehiago sortzea Euskal Herri osoan,maite dugun gure hizkuntza ez galtzeko. Euskararen egoera guztiok dakigun moduan ez da batere ona baina areagotzen da irakaskuntza arloan.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Egia esan, ez nuen ekimen honen berri, ez Lezaman eta ez Euskal Herriko inongo txokotan. Dena den, ekimen garrantzitsua bezain interesgarria iruditu zait, lau arrazoirengatik: Alde batetik, bertako toponimia, hau da leku izenen multzoa ezagutzea ahalbideratzen duelako. Bestetik, euskara batua erabiltzeaz gain, bertako euskara ere bultzatzen duelako. Gainera, izaera didaktikoa duten materialak dira. Eta azkenik, hau guztia teknologia berrien laguntzaz lortzen delako. Nork esan du euskara hizkuntza, zahartuta edo "modaz pasata" dagoenik? Argi dago denbora eta gogoarekin, euskara eta teknologia berriak uztartuz, curriculum propioa bultzatzen duten materialak sor daitezkela.
Gustatuko litzaidake, horrelako ekimenak Euskal Herriko leku guztietan burutzea, batez ere euskara arriskuan aurkitzen den lekuetan. Ea guk, gizarte hezitzaile euskaldunak izango garen heinean, horrelako ekintzak bultzatzen lagun dezakegun, asko baitago egiteko.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Lezamako Euskara Elkarteak lan ona egin duela esan beharra dago.
Batetik umeak beraien inguruari buruzko informazio gehiago dutelako, askotan bizi zaren lekuko informazio handirik ez duzu, bertako historia, kontakizun zaharrak, inguru fisikoa...
Beste alde batetik, euskara lantzeko oso erabilgarria delako. Euskara ikasteko eta zabaltzeko oso aproposa da. Umeek modu dinamiko batean euskara ikasten dute eta eguneroko bilakatu ahal da. Bakarrik ikastolan egin beharrean umeek ikusi dezakete kalean ere erabili dezaketela.
Azkenik, teknologia berriak ezagutzen hasten direlako, eta horien erabilpena txikitatik ikusten eta erabiltzen badituzte, gero errazago egingo zaie horiek menperatzea.
Beraz, nik uste dut Lezaman egin dutena beste herri eta hiri guztietan egin beharko litzatekeela, horrela izanda gure ingurua gehiago ezagutuko genuke, euskara indartzen lagunduko genueke eta nork daki agian hizkuntza normalizatua bilakatuko litzateke, eta teknologia berrien berri edukiko genuke txikitatik.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Negus izenarekin agertzen dena Amaia Odriozola da, ahaztu egin zait ipintzea.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Hasteko goraipatu behar da Zorrizketan Lezamako Euskara Alkartea eginiko lana. Oso lana ona da eta ziur nago beste lekutan berdin egingo dutela; baina merituena haiena izango da. Gainera haien euskara eta euskara batua hurbiltzeaz gain herriko etxeak, baserriak, auzoak, basoak, iturriak, mendi tontorrak... hurbiltzen dira baita.

Euskara bultzatzen da bai idatziz bai ahoz eta oso egokia da. Gainera CD honetan jarduerak aurkezten diren moduan oso erraza eta atsegina izango da ikasleentzako baita irakasleentzako. Haientzako badago gida bat ondo erbili dezaten. CD hau edukiekiko dagokienez itzela da haurrek euskara beste era batean ikusiko badute eta bere klasetik kanpoko erabilera bultzatuko da, gainera bere herriarekiko hurbiltasuna sendotuko da eta bere ingurua ezagutu eta maitatuko dute.

Amaitzeko aipatu irakaskuntzarako metodo berria dela eta teknologia berriekin guztiz erlazionatuta dagoela. Beraz, haientzako oso egokia da, horrela aldi berean bi gauzak hurbiltzenn zaie; bai bere hizkuntza eta ingurua eta bai, teknologia berriak.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Euskara Elkarteak lan ona egin duela uste dut!Ez bakarrik umeekin,baita irakasleekin gida hori eta arau pedagogikoak ematen.Hortaz aparte,euskararen agoera azken urteotan txarrera jo duela esan beharra dago eta halako iniziatibak egitea geure hizkuntza bultzatzeko..primeran iruditzen zaizkit.Gainera beste metodo bikaina da umeei teknologia berriekin harremanetan jartzeko,beraz,ondorio nahiko positiboak eta emankorrak atera ditzazkegu proiektu honetatik.
Jennifer Gómez