2012-04-23

Eskola koadernoz eta testuliburuaz erakusketa

Bilboko Magisterio eskolako eraikina berriaren inaugurazioaren ildotik, Araka Ikertaldeak[1] Bilboko Irakasleen U. Eskolako egoitzan Euskal Herriko hezkuntzaren historiarekin zerikusi zuzena izan duen ekitaldi akademiko bat antolatu du, GARAIAN, PIU-UFI hezkuntza_kultura_gizartea (HKG), Salamancako CEMUPE (Centro Museo Pedagogico) eta Bilboko Magisterio Eskolarekin batera.
Ekitaldiak “Erakusketa: XX. mendeko koaderno eta testuliburuak” lemapean hezkuntzan oinarrizko izan diren bi euskarri hauei eman zaien trataera agertu nahi du, oinarrizko marko teorikotik abiatuta eskoletako praktikak ezagutzeko baina ibilbide historikoa ahaztu gabe. Ikasmaterial horien gainean erakusketa bat egingo da, eta gaiak behar duen sakontasunera heltzeko ikuspegi desberdinetatik aztertuko dira ikasmaterial horien bilakaera historikoan egon diren gazi-gozoak. Horretarako bi hitzaldi emango dira erakusketaren osagarri gisa.

Batetik, Bienvenido Martín Fraile eta Isabel Ramos irakasleak izango dira. Centro Museo Pedagógico de la Universidad de Salamanca (CEMUPE) erakundearen arduradun hauek, orain hizlari modura “Cuadernos escolares e historia de la educación” izeneko hitzaldian azalduko digute koadernoek ikasgeletan eta eskoletan izan duten garrantzia. Koadernoak, pentsamentuaren eta sentimentuaren adierazleak dira, baina aldi berean, ikasle eta irakaslearen arteko komunikazio eta inkomunikaziorako tresna bilakatu dira, eta gugana heldu dira egunero eskoletan egiten zenaren lekukotzat. Eskolako benetako curriculumaren adierazleak bilatu dira hezkuntzaren historiagileentzat. Horrela ezagutu dugu eskoletan kaligrafiaren irakaskuntzak izan duen garapen historikoa, bereziki, XX. mendean zehar gure ikastetxetan erabili izan diren letra-erak, idazlumak, tintontziak, lan-koadernoak, ikasleek idazten zutena, margotzen zutena, gozatzen eta sufritzen zutena…, eta nola ez, maisuak ala maistrak lantzen zuena. Koadernoa altxor preziatu bilakatu da eskolaren historiarako.
Bestetik, Araka ikertaldeak “Euskal testuliburuen garapena eta curriculuma” izenburupean testuliburuak euskaldunen alfabetatze prozesuan oinarrizko eta funtsezkoak izan direla aztertu du. Historian atzera eginez, XVIII eta IX. mendeetara joanda, agertu zuen eskola tradizionalaren eduki garrantzizkoenak zirela irakurtzea, idaztea, kontatzea eta katixima buruz ikastea. Egin diren ikerketei esker, badakigu irakaskuntza publikoa horixe baino ez zela. Lehenengo letratara begira antolatuta zegoela, eta horrexegatik, Bizkaiko ikasle gehienak, eskolara joateko aukera zutenak, horretan geratzen zirela. Ez zegoen maila goragoko ikasketak egiterik, eta ikasketa unibertsitarioak proiektua baino ez ziren. Gaur egun, iraganean bezalaxe, alfabetatzea, irakurketa prozesua, idaztea, aritmetika, natur zientziak… gaiak azalduko dira, gaur egun ere garrantzi handikoak direlako, ezinbestekoak eguneroko bizitzarako zein ikaste prozesuan aurrera egiteko beharrezkoak dira derrigorrezko irakaskuntzan.
Koadernoa eta liburuak, biak eskolako oinarrizko tresnak izan dira eta dira. Eta, haiei buruzko ezagupen historikoak ikaslearen ezagutzaren garapen osoa ukitzen dute, biak izan dira eskolako benetako curriculumaren ispilua. Horrela, “euskarazko irakaskuntzaren” nondik norakoak aztertu dira, ikuspuntu desberdinetatik aztertu ere, batzuetan eguneroko eskola praktikatik abiatuz koadernoen azterketari helduz, beste batzuetan, berriz, gure iragana ezagutzera joz, zertzelada historikoetara hurbilduz, euskal testuliburuen garapenari joz.


[1] Araka Ikertaldeko kideak Eusko Jaurlaritzak IT 298/10 zenbakiarekin babestutako Hezkuntzan Azterketa Historiko eta Konparatuetarako (Garaian) taldekideak dira eta Euskal Herriko Unibertsitateko "Hezkuntza, Kultura eta Gizartea" Prestakuntza eta Ikerketarako Unitateko (UFI  11/54) kideak dira.

iruzkinik ez :