Bilboko
Magisterio eskolako eraikina
berriaren inaugurazioaren ildotik, Araka Ikertaldeak[1] Bilboko Irakasleen U. Eskolako egoitzan Euskal
Herriko hezkuntzaren historiarekin zerikusi zuzena izan duen ekitaldi akademiko
bat antolatu du, GARAIAN, PIU-UFI hezkuntza_kultura_gizartea (HKG), Salamancako
CEMUPE (Centro Museo Pedagogico) eta Bilboko Magisterio Eskolarekin batera.
Ekitaldiak “Erakusketa: XX. mendeko koaderno eta testuliburuak” lemapean
hezkuntzan oinarrizko izan diren bi euskarri hauei eman zaien trataera agertu
nahi du, oinarrizko marko teorikotik abiatuta eskoletako praktikak ezagutzeko
baina ibilbide historikoa ahaztu gabe. Ikasmaterial horien gainean erakusketa
bat egingo da, eta gaiak behar duen sakontasunera heltzeko ikuspegi
desberdinetatik aztertuko dira ikasmaterial horien bilakaera historikoan egon
diren gazi-gozoak. Horretarako bi hitzaldi emango dira erakusketaren osagarri
gisa.
Batetik, Bienvenido Martín Fraile eta Isabel Ramos irakasleak izango dira. Centro Museo Pedagógico de la Universidad de Salamanca (CEMUPE) erakundearen arduradun hauek, orain hizlari modura “Cuadernos escolares e historia de la educación” izeneko hitzaldian azalduko digute koadernoek ikasgeletan eta eskoletan izan duten garrantzia. Koadernoak, pentsamentuaren eta sentimentuaren adierazleak dira, baina aldi berean, ikasle eta irakaslearen arteko komunikazio eta inkomunikaziorako tresna bilakatu dira, eta gugana heldu dira egunero eskoletan egiten zenaren lekukotzat. Eskolako benetako curriculumaren adierazleak bilatu dira hezkuntzaren historiagileentzat. Horrela ezagutu dugu eskoletan kaligrafiaren irakaskuntzak izan duen garapen historikoa, bereziki, XX. mendean zehar gure ikastetxetan erabili izan diren letra-erak, idazlumak, tintontziak, lan-koadernoak, ikasleek idazten zutena, margotzen zutena, gozatzen eta sufritzen zutena…, eta nola ez, maisuak ala maistrak lantzen zuena. Koadernoa altxor preziatu bilakatu da eskolaren historiarako.
Bestetik, Araka ikertaldeak “Euskal testuliburuen garapena eta
curriculuma” izenburupean testuliburuak euskaldunen alfabetatze prozesuan
oinarrizko eta funtsezkoak izan direla aztertu du. Historian atzera eginez,
XVIII eta IX. mendeetara joanda, agertu zuen eskola tradizionalaren eduki
garrantzizkoenak zirela irakurtzea, idaztea, kontatzea eta katixima buruz
ikastea. Egin diren ikerketei esker, badakigu
irakaskuntza publikoa horixe baino ez zela. Lehenengo letratara begira
antolatuta zegoela, eta horrexegatik, Bizkaiko ikasle gehienak, eskolara
joateko aukera zutenak, horretan geratzen zirela. Ez zegoen maila goragoko
ikasketak egiterik, eta ikasketa unibertsitarioak proiektua baino ez ziren.
Gaur egun, iraganean bezalaxe, alfabetatzea, irakurketa prozesua, idaztea, aritmetika,
natur zientziak… gaiak azalduko dira, gaur egun ere garrantzi handikoak
direlako, ezinbestekoak eguneroko bizitzarako zein ikaste prozesuan aurrera
egiteko beharrezkoak dira derrigorrezko irakaskuntzan.
Koadernoa eta liburuak, biak eskolako oinarrizko
tresnak izan dira eta dira. Eta, haiei buruzko ezagupen historikoak ikaslearen
ezagutzaren garapen osoa ukitzen dute, biak izan dira eskolako benetako
curriculumaren ispilua. Horrela, “euskarazko irakaskuntzaren” nondik norakoak
aztertu dira, ikuspuntu desberdinetatik aztertu ere, batzuetan eguneroko eskola
praktikatik abiatuz koadernoen azterketari helduz, beste batzuetan, berriz,
gure iragana ezagutzera joz, zertzelada historikoetara hurbilduz, euskal
testuliburuen garapenari joz.
[1] Araka Ikertaldeko kideak Eusko
Jaurlaritzak IT 298/10 zenbakiarekin babestutako Hezkuntzan Azterketa Historiko
eta Konparatuetarako (Garaian) taldekideak dira eta Euskal Herriko
Unibertsitateko "Hezkuntza, Kultura eta Gizartea" Prestakuntza eta
Ikerketarako Unitateko (UFI 11/54) kideak dira.
iruzkinik ez :
Argitaratu iruzkina